Patio ezberdinak

Abenduak 23
Duela 7 ikasturte, Guraso Elkartearen barruan, "Patio Ezberdina" batzordea sortu zen.
Betidanik, batzorde honen helburu nagusia hauxe izan da: ikasle guztientzako kalitatezko patio bat lortzea, hau da, berdeagoa, hezitzaileagoa eta barneratzaileagoa den patioa eta, aldi berean, auzoari irekia dagoena.  
Hori lortzeko gogor lan egin dugu urteotan eta, nahiz eta gaur egun batzordekide gutxiago garen, Hezkuntza Komunitate osoko inplikazioa lortu dugu eta gure patioetan aldaketa nabariak burutu ditugu.

Urte hauetan zehar, frontoiko rokodromoa eta bere zoruko kortxo babeslea jarri ditugu, baita elkartzeko, ping-pongean  jolasteko eta material ezberdinekin esperimentatzeko mahaiak, oreka-zirkuitu bat eta enborrak ere.
Horrekin batera, gune lasaiak ere sortu ditugu patioan- bertan tipi bat, traktore gurpilak, gurpil txikiak, belar artifiziala eta egurrezko tarima bat kokatuz.
Era berean, frontoiko murala- egun gure eskolaren ikurra dena- horma txikiak eta zoruko jokoak margotu ditugu.
Azkenik, ahalegin eta lan handi-handi baten ondorioz, Haur Hezkuntzako patioaren handiagotzea ere lortu dugu.

Oraindik ere lan handia egin beharko dugu gure helburua lortzeko eta, horretarako, esku gehiago behar ditugu!
Animatu gurekin patio ezberdin baten alde lan egitera!